2017/02/13

Tailer Bateratua | 3 | Hiri-prozesurako euskarria

Eskolatik datorren bidea eta alboko parkea lerro zuzen batez lotzeko ideiari jarraiki, ardatz honen inguruan antolatzen den pabiloi bat sortu dugu. 

Bi egoera nagusi aurreikusten zaizkio: 
 - Forma trinkoa: Pieza guztiak pabiloian bertan daudenean eraikinak itsura trinkoa eta uniformea izango luke, aldaketa bakarrak estalkian aurkituz. Bere guneen artean bilera gela. artxiboa eta exposaketa guneak ditugu.
 - Forma explotatua: Pieza mugikorrak kendu eta herriko beste puntu batzuetara mugitzean, gelditzen diren zatiek pabiloi irregular bat uzten dute agerian, honen zuloetatik inguruarekiko konexio berriak sortuz.

Bi pieza motaz osatzen da:
 - Pieza finkoa: Modulo osoa, bi isuriz estalia. Honen isurietako batek beti erdiko pasiloa estaltzen duen bitartean, bestea pabiloiaren altuera bakoitzean albo batera edo bestera irekitzen da, tamaina ezberdineko guneak sortuz. Kanpora emten duen horma itsua eta barne aldekoa zelosia-zutabe bat dira, modu honetara erdiko gunera argia sartuz.
 - Pieza mugikorra: Modulo erdia, isuri bakarraz estalia. Honek ere horma itsua eta zelosia-zutabea lituzke. Pieza hau hartu eta herrian zehar sakabanatzeko aukera aurreikusten da.



2017/02/10

Zaldibia | 1 | Hasierako hausnarketak

Aurreko ostiralean Zaldibiaz loturiko gai ezberdinen gainean eginiko hausnarketen ondoren, burua astintzeko hainbat gai atera ziren. Jarraian gai bakoitzeko aipamen bat ageri da:

DENBORA
Proposatzen ditugun ekintzek ez dute egun batetik bestera funtzionatzen, garapen bat behar izaten dute. Honegatik, sortzen ditugun sistemek garai berrietara moldatzen diren estrategiak izan behar dute funtzionatzeko.

EGIN/DESEGIN
Beti ez da beharrezkoa egitea, batzuetan arazoa egina dagoen zerbait da, eta kendu behar da.

INTERBENTZIO EREMUA
Kokapen konkretu batean ondo interbenituz, bere inguru guztian eragin dezake. Adibidez, ekipamenduak ondo antolatuz kostuak gutxitu eta gune gehiagoren erabilera bultzatu daiteke.

HEDAPENA
Hiriaren horrenbesterako hedapenaren beharra zalantzan jartzekoa da. Aktibitate konpatibleak bilatuz dena kontzentratu ahalko liteke, industriaren presentzia txikituz, Zaldibiako "sarrera"-ko gunea garbituz eta ibai inguruko eremuak eraldatuz.

MUGAK
Muga politikoak interesen arabera aldatzen direnak diren bitartean, Muga fisikoak lehendik zeuden, bertan jarraitzen duten eta begi bistaz benetan eragiten dutenak dira.

HERRI/HIRI PAISAIA
Elementu naturalak beti izan dira paisaiaren egituratzaile, eta gure herrien sorreran erreparatzen badugu, giza esku-hartzetik sorturiko aldaketa tokiko paisaia naturalean integratzen zela ikusiko dugu.
Industrializazioa etorri eta gure inguruko herrien eztanda inmobiliarioa eman zenean, etxe berri askoren bat-bateko beharrak gauzak azkar eta gaizki egitera eraman gintuen. Beste lurralde batzuetan egiten zena gure inguruko herrietan kaltzadorez sartu zen, lurraldearekiko inolako errespetu gabe. Gaur egun etxe huts geroz eta gehiago ditugu, zaharrak direnak egoera txarrean edo behar berriei erantzuteko indar gabe daude, baina behar ez diren etxe berri gehiago egiten jarraitzen da.

IBAIA
Ibaia, paisaiaren elementu egituratzaile duguna, gaur egun baztertua gelditu zaigu. Bere garaian hondakinak isurtzeko elementu zatar bilakatu zenean, ezkutuan izan nahi zen elementua zen. Orain aldiz, eman den garbiketa prozesuaren ondoren, intereseko lekua da, tokiari xarma eta izaera ematen diona, eta honen inguruan sorturiko guneak orokorrean oso konkurrituak izan ohi dira.
Ibai inguruak Zaldibian hartzen duen luzera guztian eraginez, azpiegitura eta espazio publikoen sare jarrai eta erakargarri bat sortu ahalko liteke.

GARRAIOA
Oinez - Inguru gertura iristen gara, baina Zaldibian ez dago eskala honetan aktibitate indartsurik.
Bizikletaz - Oinez baina azkarrago iristeko aukera emango luke, baina azpiegitura falta da.
Ibilgailu motordunez - Azkenean derrigorrezkoa. Inguruko herriekin komunikazio arteria nagusi/bakarra errepidea da.

LANA
Kanpora joatea erraza izatean eta lan aldetik bertan gelditzeko interes gehiegirik ez egotean, biztanleriaren exodoa ematen da. Dena den, bertako gazteen arabera, bada herriarekiko lotura sentimendu zabaldu bat, eta ondorioz, estrategia egokiak sortuz gero, gustuko etorkizun bat sortzeko aukera.

1. 2. eta 3. SEKTOREAK
Lehen sektorea (Landa) - Presentzia gutxi herrian, oso urbanoa. Landak herritik eta mugimendu ekonomikotik urrun, ondorioz bertakoen interesetik kanpo.
Bigarren sektorea (Industria) - Bere garaian herriaren ekonomiari bultzada. Egun minez gogoratzen da. Herriko sarrerako pabiloi industrialek ez dute herriarekiko lotura.
Hirugarren sektorea (Zerbitzuak) - Momentuz bertakoei erantzuteko minimoa dute, baina desagertzen ari da. Supermerkatuetara joaten da jendea denda txikietara ordez.

TURISMOA
Ez du bertako bizitza oztopatu behar, errespetuzkoa izan behar du. Turismoa joan eta etortzen den ekonomia aldakor bat da, ondo kontrolatzeko eta aurreikusteko zaila. Herritarrei galdeuz gero "Bai, baina tamainan" edo "Etortzea udan, gu danok kanpora joaten garenean" bezalako erantzunak jasotzen ditugu.

2017/01/31

Tailer Bateratua | 2 | Hiri-prozesurako euskarria

Lehen analisi eta ideietatik abiatuta, ditugun materialek ematen dizkiguten egitura aukerak aztertu ditugu.

Gure hiri-prozesurako euskarria garatzeko, eman dizkiguten egurrezko material ezberdinak erabili ditugu. Material hauen arteko loturak erabat geometrikoak eginez, modulu desmuntagarri ezberdinak sortzen ditugu. Modulu hauek erabileraren arabera aldatzen dira, kasuan kasurako forma hartuz.

Horrela, egituraketa berdineko moduluek eman ditzaketen erabilera desberdinez baliatuko gara. Modulu hauek, Santa Fe kaleko berdegunean gune nagusia eratuko dute. Gainera, Zaldibiako puntu konfliktiboetan modulu solteak jarriz, hauen inguruko hausnarketa bultzatu nahi da, hau da, elementu hauek herriko puntu esanguratsuetan kokatuz, herritarrengan interesa piztu eta gerturatzera bultzatu. Bide batez, erlazio bisualak eratuko dira herrian zehar, biztanlea gune zentralera bideratuko dutenak.


Aurreko sarreran aipatuez gain, beste material batzuk ditugu orain. Hona hemen elementu guztien neurriak:


2017/01/27

Tailer Bateratua | 1 | Hiri-prozesurako euskarria

Tailer Bateratuan, oraingoan ere, Zaldibian egingo dugu lan, bertako plazatik gertu dagoen orube huts batean hain zuzen. Lursaila zirkulazio puntu nabarmen batean kokatua dago, bertan bat egiten baitute eskolako sarrera nagusia haurren parkeaz lotzen duen ardatzak eta herria zeharkatzen duten kale nagusienek. 

Ariketaren helburua hiri-prozedurarako euskarri fisiko bat diseinatzea da. Bertan, besteak beste, erakusketa espazioa (aurreko lauhilekoan garatutako lanak biltzeko), bilgunea (herria aurrera eramaten ari den parte hartze prozesurako), artxibo bat eta elkartzeko edota aktibitateak egiteko guneak bildu nahi ditugu.

Hau garatzeko oinarrizko material batzuk eman dizkigute: 
 - Egurrezko ate/panelak (202 x 72 x 4 zm) eta (202 x 82 x 4 zm)-koak
 - Kartoizko hodiak (L=61 zm eta D=5,5 zm) eta (L=91 zm eta D=5,5 zm)-koak
 - Egurrezko listoiak (dimentsio ezezagunak)

Herrigintza prozesu baten adierazle izango den espazioa izanik, herriaren eguneroko bizitzarekin uztartu nahi dugu, kanpora zabalduz, eta inguruan ematen diren zirkulazio bideak gune berriekin nahasiz. Zirkulazio bideez gain, inguruko eraikinek orubean duten eragina ere kontuan izan da, hauek sortzen dituzten itzalak eta ardatz bisual ezberdinak proiektuaz bateratuz.

Guneak orokorrean planteatu, eta hauek sortzeko ditugun osagaiek ahalbidetzen dituzten eraikuntza sistema ezberdinak planteatu ditugu. Pixkanaka, hauen moldaketaz edo uztarketaz, proiektua azalduko da, espazio-egitura emaitza bateratu bat izango dena.



Taldekideen sarrerak: