2016/10/02

Albi | 1 | Hutsunea

Proiektua, Albiko Santa Cecilia Katedralaren abside atzealdeko plazan kokatzen da, XIX. mendeko “sventramenti”-en ondorioz sortua. Interbentzio hauen helburua gune konkurritu edo garrantzitsuetako espazio publikoak zabaltzea zen, erabiltzaileentzat erosoagoa izateko eta eguzkiak emateko.

Irudi zaharrak aztertuz, espazio honek izandako erabilerak ikusi eta ondorio batzuk atera daitezke.

- Hasieran espazioa oinezkoak nahiz karroak ibiltzeko, edota merkatu postuak jartzeko erabiltzen zen.
- Ondoren errepideak sartzean, autoentzako aparkaleku bihurtu zen.
- Duela gutxi, hirigune historikoa oinezkoentzat berreskuratu eta autoentzako koexistentzia kalea bakarrik utzi zen.
- Gaur egun katedrala patrimonio mundiala kontsideratzen da, UNESCOk babestua dago, eta bere ingurua berritu da.

Eginiko bidaian bertako bizitzaren zati txiki baten isla bakarrik ikusi bagenuen ere, zorionez merkatu eguna tokatu zitzaigun. Baina merkatua jartzeko plaza zabal berrituari etekina atera beharrean, kale estuen artean zegoen. Plaza hutsa zegoen bitartean, jendea postuek utzitako kale ertzetatik pasatzen zen.

Honek, “sventramenti”-ak gaur egungo egoerari eginiko ekarpena zalantzan jartzen du. Izan ere, hiriari lortutako espazioa hiritarrentzat izan beharrean, monumentua ikustera datozen turistentzat bihurtzen da. Hala baina, bere garaian plazak ondo funtzionatzen bazuen, gerora etorritako aldaketak izan dira arazo honen iturri: autoak.

Autoak plazan sartu ziren momentutik espazioaren jabe berria definitu zen. Beranduago koexistentzia kalea bihurtu eta espazio osoari bateratasuna eman nahi izan bazaio ere, autoak etengabe plaza zeharkatzen dabiltza. Ondorioz, oinezkoen guneak irlatan zatituak gelditzen dira, eta azkenean merkatua kalearen alde batera jartzen da, erosotasuna bilatuz, plazan HUTSUNEA utziz.